Kontzejua - Udala


1762an hasi eta 1876. urtera arte, Lekeitioko kontzejua urtearen hasieran berritzen zen.
Berritze hauek ekintza konplexu eta zeremonial luze bat zuten. San Silbestre egunean meza entzun ondoren, alde egingo zuen kontzejuak batzarra ospa­tzen zuen, hautatzaileak aukeratzeko. Urtebarri egunean, hautatzaileok eta kontzeju zaharra, berriro ere meza en­tzun ondoren batzen zen, eta hautatzai­leek bozketa ostean, aipatutako izenak zozketatu egiten ziren, lehenengo alka­terako, gero sindikurako eta azkenez erregidorerako.
Beraz, boturik gehien zeukanak, ez zuen derrigorrez alkate atera behar.
Aiuntamentu berria osatu ondoren, gorporazio berria eta zaharra monjen komentura joaten ziran, oraindik makila lehenagoko alkateak eramanez, eta uz­teko ziren agintariak leku hobean jarri­ta. Denen aurretik, Tanbolinteroa.
Komentuan, ume Jesusen irudia, erre­gidore zahar bi eta berri biek, prozesioan erabili ondoren, udaletxera bueltatzen ziran, joan ziren era berdinean, segidan hospitalera joateko, eta hango gela na­gusian aukeratzen ziran “Diputados y personas del común” zeritzenak.
Gero denak itzultzen ziran berriro udaletxera, eta han, uzteko zen alka­teak, gurutze bat eskuan zuela, agintari berrien zin egiteari ekingo zion. Amaitu ondoren, alkate berriak makila hartu, eta den denak Elizara joaten ziren. Bi­dean, komentura ez bezala, alkate eta beste agintari berriak leku hobean joaten ziren, eta kasu honetan ere tanbolina aurretik.
Otoi egin ondoren, agintari berriek, sakristian, eleiz kabildoarekin hitz egi­ten zuten, otoitzak eskatzeko, honen os­tean, udaletxera. Agintariak eleizan zi­ran bitartean, organoak joten jardun behar zuen. Udaletxetik berriro, kontze­ju berria prozesio antzera joango zen Kaira eta Ateako portale zaharrera.
Urtarrilaren bian, aurreko urteko sin­dikoak, herriaren ondasunen inbenta­rioa emango zion sindiko berriari. Egun berean, aurreko urteko eta urte horre­tako agintariek sakristian jasoko zuten artxiboa, eta hau gordetzeko hiru gil­tzak. Hiru giltzok, Alkateak, erregido­reak eta sindikuak euki behar zituzten. Artxiboa hartu ondoren, udalbatza be­rria soilik joango zen komentura, monjei beraien erreguetan agintari berriak go­goan izan zitzaten eskatzera.
Egun berean, agintari berriek herriko denda, taberna, labe, eta beste salmenta etxe guztiak bisitatuko zituzten, bertako pisu eta neurri guztiak legez zeuden ikusteko.
Hilaren hiruan alkate berriak, aurreko alkateek egindakoak beteko zituela baieztatu behar zuen, eta beste horren­beste sindikoak bere aurrekoarekiko.
Urteko lehen igandean batzen zen udal batza berria eta aurreko urteko kontu batzuk jakingo zituzten, jakinaren gainean egon zitezen. Batzar horretan aukeratzen zen, kontuak fiskalizatuko zituena ere.
Iñaki Goiogana
DZANGA aldizkaria 5. zkia. 1990ko abendua