LUR SAILAK LEKEITION - Iñaki Goiogana


Aldizkari honetan, lehenago ere aipatua izan da noizbait, Le­keitioren eremua ze­lan 1325. urtean zenetik murrizten joan zen gaurko mugetaraino.
Administratiboki, Lekeitio­ren mugak XVII. Mendean nahiko finkatuta gelditu tiren, Zubietarren alde egindako Ba­tzar Nagusiek, Elizateak Uriak baino Lehenagokoak zirela arrazoia erabiliz, Zubieta jauregia Lekeitioren barrutitik kanpora gelditzeko, eta Ispaste­rren mugen barruan egon behar zutela agindu zutenean.
Lekeitioren esparrua txikia bazen ere, uri honek bazituen jatorriz gutxienez 1325. urtetik bereak ziren lur sail handiak Amoroton eta Mendexan, behin­tzat eurak ziran, urtero kande­lara (subastara) ateratzen zire­nak. Ematen zuten fruitua, egurra eta gaztaina ziren. Egu­rra, ikatzetarako eta arosterira­ko erabiltzen zen, eta gaztaina jateko.
Baina ikatzak, bere urterik onenak galdu zituen, hemengo burdinoholak lurra jo zuenean, eta XIX. mendean, sutarako erabiltzen zen gehien bat eta subastetan behin baino sarriagotan gelditzen ziren sailak saldu gabe. Hala eta guztiz ere, hortik ateratzen zen dirua, Lekeitioren kontuetan beharrezkoa zen gastuei aurre egi­teko.
Legediak ondo kontuan hartzen ez zuena, egoera be­rezietan egin behar ziren gastuak zen. Kasu hauetan, hau da, gastu berezi bat egin behar bazen, zergak gehitzen ziran ordaindu arte. Baina horretarako baimen berezi bat eskatu behar zitzaion Gaztelako Kontseiluari.
Gauzak horrela, Lekeitiok ez zuen arazo larriegirik izan, Frantziarrak sartu ziren arte.
Ejertzitoak zituen gastu asko, herriak ordaindu behar zituen, eta gerra amaitu zenerako zorrak jasan ezinak ziren.
Hala ta guzti ere, ur ekarrera bat egin zen, Ateako iturria, Arranegiko zabaleko iturria, eta beste batzuk eginaz, eta dena okertzeko Gaztelako Kontseiluak ez zuen zergak gehitzeko baimenik eman.
Herriak zorra, zenbait herritar, inguruko herrietako batzuekin eta beste urruneko leku batzuetatik, intere­saren truke, dirua eman zioten.
Jendearekin zuen herri zor honek 1844. urterarte iraun zuen eta amaitzeko modu bakarra, gorago aipatu ditugun lur sailekin egin zen.
Herriak zuen aberastasuna eta zenbaterainoko zorra ikusteko, nahikoa da 1843ko aurrekontuak irakurtzea. Gastuak 40.000 errial ziran, eta irabaziak beste horren­beste, eta zorra 700.000 errialetik gorakoa.
  
Iñaki Goiogana
DZANGA. Ale berezia. 1990ko otsaila