Aitzindari asko dauzka herri
kazetaritzak Lekeition, handia izan baita betidanik herriko gaiez mintzatzeko
ohitura
Herri hedabideak edo komunikabideak, herriko
informazioa, tokian tokiko, tokiko edo toki-hedabideak, hurbileko informazioa,
hurreko prentsa, eremu urriko hedabidea ... Izen ezberdinez ezagutzen da
esparru zehatz batean egin ohi den kazetaritza. Hala ere, modu batean edo
bestean deitu arren, beti izan dute arrakasta hedabide horiek, gure inguruan
gertatzen denaz gehiago arduratzen baikara, han urrutian gertatzen denaz baino.
Tokiko kazetaritza 70. hamarkadan agertu zen estatu mailan, baina hurrengo
hamarkadan loratu zen Euskal Herrian. Gainera, egunkari handiak hurbileko
informazioaren arrakastaz jabetu eta horiek ere, irakurleengana hurbiltzeko
nolabait, tokiko informazioa ematen zuen atala argitaratzen hasi ziren.
“Gertukotasuna” da esparru txikiko kazetaritzaren
ezaugarri nagusiena Zumaiako Baleike aldizkariko zuzendaria den Gorka
Zabaletaren arabera, eta nahiz eta gizartean bigarren mailakotzat hartzen den ez dago
horrekin ados. Berria egunkarian aritua dugu gizon hau, baina haurra izan
zuela eta eszedentzia eskatu eta ondoren Baleike aldizkarian buru-belarri
sartua.
Hedabide handiekin alderatuz, abantailak bezain
beste desabantaila aurkitzen dizkio Gorkak igorlearen eta hartzailearen
arteko hurbiltasun horri. Alde onei dagokienez, kontatu beharrekoa hurbiletik
ezagutzeak lagundu egiten du kazetari honen ustez, “azken finean zure
irakurleei gehien interesatzen zaien informazioa hori delako, gertuko
informazioa, etxe ondoan gertatu dena” azpimarratuz.
Baina iturriaren eta kazetariaren arteko
gertukotasunari ez dio horren begi onez begiratzen, “distantziaren arazoa”
dagoela deritzo. Kazetaritzan distantzia mantentzea gakoa dela dio Baleike aldizkariko
zuzendariak, hori egiten jakinez gero lortzen dela sinesgarritasuna,
informazioaren igorketan oinarria den hori, hain zuzen.
“Objektibotasunik ez da existitzen baina
zintzotasuna bai, zintzo jokatu beharra dago, kriterio batzuekin, eta beti
kriterio horiek mantendu behar dira”, dio sinesgarritasunaren kontzeptua azaltze
aldera. “Feedbacka” deitzen dio, baita ere, kazetari eta hartzaileen arteko
harremanari, zuzeneko feedbacka, kalera irten eta han baitauzkazu horien
iritzi eta usteak.
Baleike
aldizkaria
Baleikerekin izandako esperientziari dagokionez,
hasieran gazteei zuzendutako aldizkaria izan arren gerora adin tarte
guztietara bideratu zeta aipatzen du, modu horretan herri aldizkari bilakatuz.
Aldizkaria 1992an argitaratu zen lehenengoz, eta mugarri bezala 2001. urtea
aipatzen du Zabaletak. Urte hartan aurrerapauso edo berak esan bezala “eboluzio”
bat jasan baitzuen hark, hilabetekari izatetik hamabostekari izatera igaro zen
eta. Hori izan zen aldizkariak izan zituen bi erronketako bat, orduan ez
zegoen euskarazko informazioa egunero emateko baliabiderik, ez zegoen zulo
hori asetzen zuen hedabiderik, beraz hori ordezkatzen saiatzea zen erronketako
bat. Bestea aldiz, profesionalizazioa lortzea, hau da, baliabide zein
iragarki gehiago lortzea eta baita lanean daudenei baliabide duinagoak
eskaintzea ere, proiektua egonkortzea, azken finean.
Krisialdi bat ere jasan zuen hamaboskariak, “nahiko
lan eskatzen zuen eta hor urte batzuk egin eta gero krisi momentu bat edo
allagatu zan, eta 100. zenbakian Baleikek agur esan zuen gehiago ezin zuela eta”
birgogoratu zuen kazetariak saminez. Etenaldi bat izan zuen beraz, baina herrian
horren premia sortu zeta konturatzeko balio izan zuen, jendeak aldizkaria
beharrezkoa zuela esaten baitzuen.
Berriro jarri zen martxan taldea orduan, jende
berria sartu zen eta proiektua bera ere eraberritu egin zen, nolabait,
Zabaletaren hitzetan. “Gaur egun daukan egoera 2004an sortu zeneko bera da eta
hor dirau” azpimarratzen du Gorkak.
Gaur egun web orria ere badauka aldizkariak
–baleike.com-, eta horrek ere hausnartzera eraman zituen berriro ere
hilabetekaria zen aldizkarikoak. “Merezi du aldizkaria argitaratzen
jarraitzea edo ez? Galdera hori geratu zen airean bi edo hiru urtez, eta
azkenean ba beno, 2006- 2007an hausnarketa bat egin zen eta diseinatu zen
aurrera begirako komunikazio proiektu bat” azaltzen du Gorka Zabaletak, baina
bi horiek osagarriak direla erabaki eta biekin aurrera jarraitzea erabaki zuten
azkenean.
“Webguneak eguneroko informazioa jarraitzeko
aukera ematen digu, zekula ez bezalako potentzialidadearekin” argitzen du
aldizkariaren zuzendariak, horren abantaila nagusi bezala bapatekotasuna,
idatzizkoa multimediarekin uztartzeko gaitasuna eta inongo mugarik barik, nahi
adina idazteko ahalmena aipatuz, beste batzuen artean.
Sustraia aldizkaria
Lekeitioko herri kazetaritzari helduz, sarreran
aipatutako aldizkari horietaz aparte, oso ezagun eta hain garrantzizkoa
bilakatu den Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza eta Arrakala Irratia ere
aipatu beharra dago.
Oraingo honetan, azken hau eta duela asko
argitaratzen zen eta oihartzuna izan zuen Sustraia aldizkariaren inguruan
sakonduko gara.
Arrakala Irratia kokatzeko, 80. hamarkadara egin
behar dugu salto, 1985era hain justu, beraz hogeita sei urte daramatza airetik
uhinak bidaltzen.
Hasieran Lekeitioko Nautika Eskolako irakasle
batzuk sortu zutela kontatzen du irratiko partaideetako bat den Ane Gezuragak,
sortu eta denbora laburrera Lekeitioko gazteen eskuetan geratu eta irrati
libre bilakatu zela dio. Lekeitioko hogei urteko gaztea dugu Ane eta ahal duen
guztietan hartzen du parte Arrakala Irratian tertuliak, musika eskaintzak zein
beste edozein gauza eginez.
Herri honek musika munduarekin betidanik izan
duen lotura izan zen, baten ere, irrati bat sortzeko arrazoia, “herritarrei
euren gustuko musika eskeintzea eta herritik eta herriarentzako hedabide bat
sortzea” Anek aipatu bezala. Baina gazteenen eskuetan gelditu zenean, musika
lantzeaz aparte, horien parte hartzea sustatzea eta haien interesekin loturiko
gaiak jorratzea bilakatu zen helburu.
Finantziazioari dagokionez, hasieratik sartu zen
irrati hau Arrosa Proiektuan, “finantzazioa ere hortik datorkigu eta etorri
zaigu orain arte, bai teknologikoki egin ditugun aurrerakuntzetarako eta bai
gure emisiorako ere, orokorrean” azaltzen du Ane Gezuragak. Irratiari bultzada
bat emango ziolakoan batu ziren proiektura, eta baita lortu ere.
Arrosa Proiektuan sartzeari esker, Lekeition
emititzen den programazioa beste leku batzuetan entzuteko eta beste irrati
batzuetako programazioarekin uztartzeko aukera eskuratu zuen Arrakalak. Hala
ere, irratia lehen hernian zegoen gaztetxean kokatu zenean etorri zitzaion “bultzadarik
handiena” lekeitiar gaztearen arabera, baina irratiaren instalazioak finkoak ez
izatean arazoak zeuden Lekeitio guztian entzuteko, beraz, Kultur Etxean jarri
eta arazo hori konpondu zela ikustean, hor geratu da, 107.7 FM frekuentzian
hain zuzen.
Nahiz eta gaur egun ez argitaratu, Sustraia
aldizkaria da Lekeitioko herri kazetaritzan gehien nabarmendu den hedabidea,
hori izan baitzen ondoren etorri zirenen aitzindaria eta sustatzailea. Duela
askoko aldizkari bat da, 1978an hasi baitziren euskal zaletasuna pizteko eta
kultura herriratzeko asmoz argitaratzen. Sustraiaren sortzaileetako bat den
Sabino Madariagak azaldu bezala, euskaltzale lekeitiarra, Gaztedi Klub izeneko
talde bat sortu zen Lekeitioko udalean. “Guk aldizkaria sortu genuen garaietan
ez zegoen euskarazko hedabiderik ia, ezta euskaraz irakurtzeko edo eta
idazteko ohiturarik ere” dio Madariagak, hori izan zela euskara sustatzea
helburu hartu izaparen arrazoia.
Hamazortzi urteko bizitza oparoa izan zuen herri
hedabide honek eta udaletik lortzen zituen beharrezkoak zituen diru laguntzak.
Urte horietan zehar berrogei eta hamabi zenbaki egin ziren, baina agur esan
beharra izan zaten azkenarekin, doakoa izateaz aparte, udalak ahalbidetutako
baliabideak ez baitziren nahikoak izan aurrera jarraitzeko, Sabinok
adierazitakoaren arabera.
Tokiko kazetaritzaz galdetzean, “herriaren isla”
direla dio euskaltzaleak, “herritarren interesak eta horien egunerokotasuna
islatzen duen ispilua” zehazten du. Hainbat ziren ale bakoitzak jorratzen
zituen gaiak, ez baitzen genero zehatzeko aldizkaria.
Lekeitioko berbak, ipuin laburrak,
gaixotasunentzako gomendioak, poemak, herriko abesti zaharrak eta horien
partiturak, narrazio laburrak eta beste hainbeste gauza jorratzen ziren Miren
Agur Meabe bezalako idazleen eskutik. Sormen handikoa eta aipatu gabe ezin
uzteko tokiko hedabidea, beraz, honakoa.
Tokiko
hedabideak Lekeition
Betidanik izan da herriko kontuak hedatzeko zein
jasotzeko ohitura herri arrantzale honetan. Aldizkariak izan dira, hala ere,
hedabideen artean gailendu direnak. Horien artean daude Udalak berak 1981ean
zehar argitaratu zuen Lekeitio aldizkaria. Lau ale
bakarrik izan ziren argia ikusi zutenak, eta aldizkari batetik besterako
denbora-tarte zehatzik gabe argitaratu zen Lekeitiori buruzko hainbat
erreportaje interesgarrirekin.
Herriko beste aldizkari errekonozitu bat, Dzanga
izan zen, hastapenak 1989an egin zituena. Udaletxearen esku zegoen hau ere, eta
nahiz eta izena aldatu, urte batzuk geroago Dzingua deitu baitzioten,
izaera berdina izaten jarraitzen zuen, baina Udalaren menpe egon beharrean
Ikastola hasi zen kudeatzen.
Batez ere elkarrizketetan oinarritzen zen, lekeitiar pertsonaiei egindakoak, hain zuzen.
Lekeitioko Komunikazio Taldearen Zeresana,
Ikastolaren Marierrota buletina eta Dzingoa, Lekeitio, Sustraia, Udaletik
eta beste batzuk izan dira, beraz, herri txiki honetako tokiko hedabideen
aurrekariak.
Iraitz Madariaga Ituarte